ENTREVISTA EN BERRIA



"Oraindik ere gandorra uzten dut batzuetan"

Talde berria; eskarmentu handiko kideak. Promozioaren aitzakian, aspaldiko partez elkarrizketei baietz esan de Evaristok. Baina Gatillazo bera baino gehiago da. Osoron eta biekin izan ginen, Donostian.

1. Gatillazo talde osoa dela diozue, ez dela Evaristo bakarrik. Hala ere, taldeko abeslaria ez da edonor, eta jakina da jende asko zegoela haren bueltaren zain.
EVARISTO: Bai, hala da, diruagatik bueltatu naiz (kar-kar-kar). Uler nezake hori, baina nik bakarrik ez dut jotzen musika instrumentu bakar bat ere.

2. Taldeko besteentzat zer da, orduan, Evaristorekin aritzea, karga ala aukera?
OSORON: Nik kargarik ez dut sentitu. Egia da ez dela gauza bera. Zure taldearekin hastean inork ez zaitu ezagutzen; alde horretatik, errazagoa izan da diskoa ateratzea. Urduritasun handiagoa ere eduki dugu, jende gehiago etortzen delako kontzertuetara.

3. Nola sortu zen Gatillazo?
EVARISTO: La Pollak ibilbidea amaitu orduko, The Kagas sortu zen. Aparteko kontua zen. Osoronek eta biok han elkar ezagutu genuen. Gero, The Measen ere elkarrekin geunden. Xabi The Kagasen egon zen ia amaierara arte, eta, La Polla amaitu zenean, Gatillazon sartu zen. Txiki eta Tripi La Pollan egon ziren azken urteetan. Bateria hil egin zitzaigulako, eta Txarlik lehenagotik utzi zuelako taldea. Jokinekin, berriz, harreman txarra ez geneukan, baina ez genion elkarri puntua harrapatu. La Polla amaitu zenean, The Measen erdian-edo geunden, eta hura amaitu genuen lehenengo, eta gero Gatillazon hasi ginen. Orduan, The la Meneas hor gelditu da, eta ez dakit, ba, aterako ote den. Grabatuta gelditu da, ezta?

4. Bai, hala gelditu da.
EVARISTO: Gero hori esan dudala zalantzarik ez izateko.

5. Ni ez naiz nor etiketarik jartzeko, baina zaretenak zarete, eta oso arraroa egin zitzaidan Euskadi Gaztearen sarien banaketan zuek telebistan ikustea.
EVARISTO: Eta guri! Baina zuzenean jo genuen.

6. A bai? Telefono deia ere benetakoa izan al zen?
EVARISTO: Bai, bai, bai. Lagun batekin gelditu nintzen kontu guztiaren erdian. Ez genekien zer egin, eta pentsatzen ari ginen, bestela lo hartuko baikenuen. Izan ere, inork ez zeukan drogarik, edo eurentzat gordetzen zituzten. Ez, benetan, hauxe gertatu zen: ahotsa zuzenean eskaini ziguten hasieran. Taldeak playback-a egin behar zuen, beraz. Ezetz esan genuen, ez genuela nahi lau lagunek lerdoarena egitea eta bosgarrenak leloarena. Denok zuzenean baietz esan genien. Uste genuen ezetz esango zigutela, baina baietz esan ziguten. Grazia egin dit gaur Gara-n hauxe irakurtzeak: "Lehenengo aldiz Evaristo telebistan". Zuri esango dizut, esklusiban, azkena ere izan dela. Teleberri-koa beste kontu bat izan zen. Han harrapatu gintuzten, eta, mila aldiz ezetz esan arren, kazetariari (bizia barkatuko omen zigun. Bera telebistakoa zelako eta gu ez dakit zeren bila genbiltzan artistak) argi utzi nion kontua. Berarekin gizalegez portatzen ari nintzela baina ez genuela egingo kalean paseatzen harrapatu gintuelako kontu hura guztia.

7. Ez al da hori jarraitzaileak aldatu egin zaizkizun seinale?
EVARISTO: Bai, orain ni baino gazteagoak dira. Gauzak aldatu dira, baina atzo ikusi genuena (Gaztea sariak) oso desberdina izan zen. Ez dut inor mindu nahi, baina arras bestelakoa izan zen.

8. Evaristo, nazkatuta ere egongo zara Euskal Rock Erradikalarekin hasi, 90eko hamarkadarekin jarraitu eta honainokoak azaltzen. Zeu aldatuko zinen, baina mugimendua ere bai, ezta?
EVARISTO: Et, et, et! Etiketa hori eurek daukate buruan. Zortea izan dut. Mauka itzela aurkitu nuen: urte mordoa bizi izan naiz gizartea kritikatuz. Egia da, mauka gisa hartuz gero lelo bihur zaitezkeela, baina horrela ere ikus daiteke.

9. Ilusioa baduzu oraindik, edo gutxitzen doa?
EVARISTO: Badut oraindik. Grabatzeak badauzka gauza interesgarriak, baina zuzenekoa gustatzen zait niri. Futbolaren moduan: partida aurreko giroa ondo dago; zaleak banderekin eta abar. Amaitzean, lagunekin ere ondo. Hori, baina, kontu soziala da. Baloia mugitzen hasten direnetik epaileak partida amaitu artekoa gustatzen zait niri. Hori da kontzertuetan ere onena. Bidaia, jendea, autograforik ez dudala sinatuko Julio Iglesias ez naizelako, sinatuko dudala justu Julio Iglesias ez naizelako, kontzertu aurrekoak, ondorengoak jaten ditut, dantzagarri batzuk jotzearren.

10. Zelan gogoratzen duzu La Pollaren lehenengo kontzertua?
EVARISTO: Agurainen izan zen. Astebete baino ez katxarroekin, eta 1.500 lagun diskotekan (herriak 3.000 biztanle inguru ditu). Zer egiten zuten haiek guztiek han? Herriko eroei begiratu. Baina bozgorailuak geuk genituen! Hori izan da niretzat jaialdirik onena, nahiz eta teknikoki agian ez den horrela izango.

11. Eta Gatillazoren lehenengoa?
EVARISTO: Orain bestelako bitartekoak daude, laguna!
OSORON: Hala ere, kamikaze samarra izan zen.
EVARISTO: Bai, izenaz ondo gogoratzen naizen batek deitu zidan. Hiru hilabete inguru generamatzan talderik barik, eta esan nion: "Zer uste duzu Tomatito bezala ibiltzen naizela gitarrarekin, ala?". Eta berak bazekiela talde bi neuzkala eta abar. Azkenean, baietz esan nion. Deitzeko, eta esango niola ziur talde bietako zeinekin joango nintzen. Telefonoa eskegi, eta, baxua jotzen zuen norbaitengan pentsatzen hasita, Xabirekin gogoratu nintzen (The Kagas). Deitu genion, baietz esan zuen, eta astebetean entseatu ginen. Astelehenean eta martitzenean sekulako koruak egin genituen; eguenetik aurrera, asko kantatu genuenez, moteltzen joan ginen. Azkenean, zapatuan, ekipoa ez zenez oso ona izan, ez zuen inork entzun. Hanka bat jasota hasi ginen, eta orain astiro-astiro geuk hartu ditugu zaldiaren bridak.

12. Zuk, Osoron, neure antzera, garagardo batzuk edatera atera zaren bakoitzean Salve (La Polla) entzungo zenuen tabernaren batean. Orain, hura idatzi zuenarekin zaude taldean.
OSORON: Arraroa da. Lucky Man (Revolucion) kantua, adibidez, aspaldian entzuten nuen. Orain kantu hori jotzea da orain artean kanpotik ikusitakoa barrutik ikustea. Gitarra jotzen hasi nintzenean, kontzertuetan eta diskoetan pentsatu nuen. Loteria tokatu zaidala uste dut. Gustura nago, eta taldean harreman polita sortzen ari da.

13. Albokoak beste urte jarraitzeko asmorik bai?
OSORON: Itzela izango litzateke. Orain, orainean pentsatzen dut. Ahal dudan guztia egin, eta, egunen batean geratu behar badut, geratuko naiz.

14. Zelan bizi izan duzu zuk Gatillazoren sorrera, diskoa...?
OSORON: Eskolatik udalekuetara joatea bezala. Ez genuen inor ezagutzen, eta zer gertatuko ote zen joaten ginen. Orain ere berdin! Ez genuen elkar ezagutzen. Bakoitza mundu batetik gatoz, baina oso kontu naturala sortu da.

15. Evaristorentzat da hau. Lehenengo Gazteginean esan zenuen 40 urterekin zure aurpegia flipatzekoa izango zela. Muga gainditu duzu?
EVARISTO: Oraindik ere, noizbehinka gandorra uzten dut, zimurrekin nola gelditzen den ikusteko. Lehenengoa, 22 urte ingururekin egin nuen, eta pentsatu nuen, hau heldu bati nola geratuko ote zaio?, eta zalantza hori kendu dut. Agertokira igotzea ere flipatzekoa da. Urduri ez naiz jartzen, ez baldin badaude 40 ultraeskuindar nire aurrean eskuin eskua jasota. Kantatzeak ez nau urduri jartzen. Zurian gelditzen banaiz, edozein astakeria esan, eta ederto gelditzen naiz! Dena dela, hanka sartzeak izorratzen nau.

16. Ondo komunikatzen zara publikoarekin. Estilo propioa garatu duzu.
EVARISTO: Astebete entseatzen egin eta gero jo genuen gure herrikideen aurrean. Orduan, kantatzen ez nuenean ez nekien zer egin, zeren ni lotsatia naiz. Albaceteko senideen aurrean jartzen duten umearen moduan sentitzen nintzen. Han egiten hasi nintzen imintzio eta abarrak egiten jarraitu dut.

17.Ez dakit taldearen izena nondik aterako zen, baina La Pollaren jarraipena dela dirudi.
EVARISTO: Niri Rubias Torrenciales gustatzen zitzaidan gehiago. Lagun bati egunean 15-20 izen eramaten nizkion, eta, nazkatu zenean, esan zidan: Ez hau ez hori, Gatillazo eta kito.

18. Noiz arte Gatillazo?
EVARISTO: Etorkizunik ez dugu oraindik ikusi.
OSORON: Oraingoz, lotutako kontzertuak jo, eta gero gerokoak.
EVARISTO: Ni zahartuta nago AEBetara biran joateko. 20 urterekin, agian; baina orain aita ere banaiz, eta noizbehinka etxean egotea gustatzen zait.

19. Egiten duzuena egiten duzuela, Evaristo aurrean egonda, jendeak La Pollaren jarraipentzat hartuko du taldea.
OSORON: Hori jendearen kontua da. Diskoa atera aurretik La Pollaren kantuekin osatu genituen kontzertuak, eta esaten ziguten ez genuela gure kanturik jotzen. Gero, gure kantuekin kontzertuak osorik egiten hasi ginen, eta La Pollaren baten bat jotzeko orduan esan ziguten. Jendeak esan dezala esan behar duena..