BERRIA (Marzo 2005)

 

Punk musika eta letra zuzenak dira Evaristoren Gatillazo talde berriaren ezaugarriak


Ivan SANTAMARIA / GASTEIZ

«Ez ezazue espero ezer berririk, ezer berritzailerik, mundua ez dago esperimentuetarako, eta, gainera, ez zaizkigu gustatzen». Zuzena eta argigarria da Gatillazo taldeak bere burua aurkezteko erabiltzen duen esaldia. Taldeak punk-rock azkarra, bizia egiten du, eta letrak kritikoak dira, ironiaz beteak. Ez da ezer gehiago, baina ezta ezer gutxiago.

La Polla zilarrezko ezteiak bete baino lehen sakabanatu zen. Baina horrek ez du esan nahi taldeko musikariak nekeak ahituta desagertu zirenik. Evaristo abeslariak The Kagas eta The Meas proiektuetan parte hartu ondoren, formazio egonkorra bilatu du: Gatillazo. Ez da La Polla, baina haren jarraipena dela ezin da ezkutatu. Dioenez, letrak idazteko eta abestiak sortzeko askeagoa sentitzen du bere burua Aguraingo abeslariak. Evaristorekin Xabi ari da baxua jotzen, gitarrak Osoronek eta Txikik jotzen dituzte, eta bateria Tripik. Disturbio edo Kañeria 13 taldeetan ibilitakoak dira, baita La Pollako azken aroan ere. Finean, La Pollak utzitako arrastotik gogoz edan dute.Diskoa Oihuka disketxeak argitaratu du. Guztira, 21 abesti bildu dituzte, eta denetarik dago. Punk soinuaren betiko ardatzak dira, eta era guztietako gaiak izan dituzte mintzagai. Diskoa Arrasateko Shot estudioetan grabatu zuten, Iñaki Bengoaren gidaritzapean.

Evaristoren denbora-pasak

Hitzak Evaristok idatzi ditu, eta nabari da. Pare bat kanta a capella abestera ausartu da, umorea bidelagun. «Ez ditut abestitzat jotzen, neuretzat denbora-pasak dira gehiago», argitu du Evaristok berak.

Gauza berriak egiteko gogoari jarraiki, haizezko musika-tresnak bi abestitan erabili dituzte. Modesto kantuan, hain zuzen ere, Betagarriko haizeen fanfarreak lagundu die. Gatillazoko kideek ez dute albo batera utzi Tha Kagasen eta The Measen erakutsitako umorea. SSegurataSS BilndaoSS abestian zinpeko guardien aurka jotzen dute Evaristok Alaveseko partidak ikusten asmatutako kantuada. Irakeko gerra, anorexia eta tortura ere badituzte mintzagai, beti zorrotz. Cicatriz mitikoen bertsio bat ere badago.Gogotsu ei daude, eta hasi dira dagoeneko eszenatokiak zapaltzen. Aprilaren 9an Bilbon joko dute, hil bereko 16an Otxandion, 22an Beasainen eta 23an Urdiainen. «Betiko osti txarrarekin jarraitzen dugu». Horra hor taldekideen abisua.